X. Euskal Jaiak ehunka lagun bildu ditu Gernikan
- Maddalen Omaetxebarria Landa
- 8 oct 2017
- 2 Min. de lectura
Urtero legez euskal kulturak bere gain hartu ditu herriko kaleak urrian zehar
Euskal ohiturak gogora ekartzeko ez soilik, egun batez bizi ahal izateko eguna ere izan zen atzokoa. Gernikako Euskal Jaiaren 10. edizio honetan kalejirek, dantzariek, kantariek, nekazari zein abeltzainek, herri kirolariek eta erromeriek udalerriko kaleak bete zituzten beste urte batez, goizetik gauera arteko egitarau batekin aspaldiko tradizioei bizitasuna emanez.
Urtero legez Gernikako kaleak euskal ohitura eta tradizioz bete dira aurten ere. Euskal Jaiaren 10. urteurren berezia ospatzeko, atzoko Euskal Jaian gernikarrek herriko euskal talde kultural guztien ekintzekin betetako egitarau anitzaz gozatzeko aukera izan zuten. Egitaraua herritarrena ez ezik, herritarrentzakoa ere izan zen — ez zelako euskal kultura soilik gogora ekarri nahi, baizik eta bizitu ere egin gura zelako.
Goizean goizetik azoka bereziak eta euskal gastronomia eskaintzak egon ziren udalerrian zehar kokatutako txosnetan, eta egunak aurrera egin ahala herri kirolen erakustaldiak, ardi larre-aldaketak zein umeek jolasteko antzinako gargantuak aurki zitezkeen kaleetan barna. Eguerdian 300 bat herritar bildu ziren mahai inguruan, Merkatu Plazan antolatu zen euskal gastronomia tradizionaleko bazkariaz gozatzera. Eta, bazkalosteko txarangaren ostean, iluntzean erromeriak egon ziren herriko plazan jaialdiarekin bukatzeko.
Atzo Gernikan protagonista batzuk egon baziren, ordea, herriko kantoi guztiak bizitzeaz arduratu ziren dantzari eta musikariak izan ziren. Txupinazoa bota zenetik erromeria bukatu zenera arte kalez kale ibili ziren jendea biltzen eta jai giroan murgiltzen. Euskal Herriko Kantaguneko abesbatza, Seguno Olaeta Musika Eskolako fanfarria eta Elai Alai Dantza Taldeko kideak izan ziren kalejirak burutu zituztenak, eta harrotasunez partekatu zuten urte osoko lana auzokideekin. "Pribilegio bat da Gernikan honelako ohiturak mantentzea", adierazi zuten dantza taldeko kideek, "oso pozik sentitzen gara ikusten dugunean jendea gure giroan gustura sentitzen dela".
URRI EUSKALDUNA
Urria hasi bezain pronto euskal kulturak bere gain hartzen ditu Gernikako kaleak hilabete osoan zehar. Atzoko Euskal Jaiaz gain, joan den asteburuan gernikarrek Urriko Lehen Asteleheneko azokaz ere gozatzeko aukera izan zuten, eta hil amaieran Urriko Azken Asteleheneko azoka ezaguna ere hor izango dute Euskal Herri osoko eskulangile, nekazari eta abeltzainen eskaintza anitzarekin.
Urriko programazio berezi honen helburu nagusia herritarrak jai giro euskaldun batean biltzea da, herriaren sustraiak zeintzuk diren inoiz ez ahazteko asmoz. Atzoko Euskal Jaiaz gozatzen zebilen gernikar batek esan bezala, "garrantzitsua da nondik gatozen jakitea eta mantentzea, hori ahaztuz gero, akabo".
Informazio gehigarria:
Commentaires