SUA
- Alaitz Elorrieta Barrena
- 16 oct 2017
- 1 Min. de lectura
Urrian zehar denon aho, begi eta belarrietan dagoen gaia da sua. Galiziak su hartu zuenetik (parkatu; Galiziari sua eman ziotenetik) hedabide guztietan izan ditugu horri buruzko azken datuak. Guztira 150 sute baino gehiago sortu dira urrian (sortu dituzte), 35000 hektarea errez. Badira bizitokia galdu duten herritarrak, lurrak galdu dituztenak, animaliak galdu dituztenak, eta bizia galdu dutenak (horietako bat, bere animaliak salbatzen saiatu zen agure bat). Baina, azkenean, guztiok galdu dugu. Galiziako parte bat galdu dugu.
Zer arrazoi egon daiteke sute bat piztearen atzean? Zer intentzio? Tristea da gizakiei hainbeste min sortu dien zerbait gizakiok sortua izatea. Eta, are tristeagoa, sute gehienak ere guk sortuak direla ikustea.
Baina, zer da sua? Hiztegiaren arabera, “erretzen ari diren gauzek sortutako argi eta berotasuna.” Zergatik hitegiten dugu beti negatiboki suaz, argitasuna eta berotasuna ematen badigu? Zer deritzozue duela milaka urte sukaldatzen laguntzen zuen suaz? Edo hotzez hilda gaudenean bero mantentzen digunaz? Amona-aitonen baserriko beheko suaren ondoan gustura eserita egoteaz? Eta, guk barnean daramagun suaz? Maite dugunarekin intimatzen hasten garenean bien artean sortzen den sua, haserre gaudenean guztiz jaten digun sua, amaren besoetan zaudenean bion bihotzetan dagoen sua…
Ikusten duzun moduan ikusten duzula, Berri Txarrak taldeko abesti batek egiten du suaren azalpen ona: “inoiz erre zintuen su horrek, berak, argitu zizun jarraitzeko bidea”.

Bình luận