SAREAK
- Maddalen Omaetxebarria Landa
- 30 sept 2017
- 2 Min. de lectura
Arrainak nahiko animalia autonomo eta independenteak dira; itsasoaren dimentsio ikaragarriek hala baimentzen die. Bizitza osoa igaro dezakete gainontzeko arrainekin inolako loturarik ezarri gabe, eta seguruena hil orduko ez dutela beren espezieko laurdenaren-laurdenaren-laurdena ere ezagutuko. Pertsonen kasuan nahiko antzera, ezta? Duela ez askora arte irudikaezina izan da munduan gauden ia 8 milioi gizakiotako edonorekin harremana ezarri ahal izatea.
Antisozial kontu hori, bada, arrantzaleekin aldatzen da. Arrantzaleekin baino, beraien sareekin. Sareek elkarrengana hurbiltzen dituzte arrainak, beraien arteko loturak sustatzen dituzte. Hor egoten dira, kieto, apenas esfortzurik egin gabe, arrainak noiz hurreratuko zain, eta –jabetu barik– igerian dabiltzan animalia independente hauek geldika-geldika lakirioan sartzen hasten dira. Sarea estutzen hasten da orduan, gero eta gehiago, gero eta gehiago, eta arrainak elkarrengana hurbiltzen hasten dira espazio-propio faltagatik.
Gauza bakarra daukate komunean: sarea; eta komunean duten horrek bultzatzen du une horretan beraien arteko harreman estua. Bien bitartean sareak gero eta arrain gehiago batzen ditu, eta arrainek gero eta harreman berri gehiago sortzen dituzte. Hala, harreman horiek guztiak handitzen doazen heinean, arrain bakoitzak bere buruarentzako leku txikiagoa dauka; eta une batean toki hori hain izango da txikia, loturak hain izango dira handiak, non arraina itoko duten. Sareak sortutako harreman estuek (agian, estuegiek) itoko dute. Komunean zeukaten gauza bakarrak.
Zerbaiten antza hartu dakioke guzti honi. Sare sozialek –sare guztiek bezala– hasieran batu bai, baina azkenean ez al dute itotzen? Eta, azken une horretara arte, nekez konturatzen gara aurrerapen teknologiko hauek gugan sortu duten menpekotasunean.
Sarera sartzea erabakitzen dugunean nekez lotzen gaitu hango ezerk, leku ezezaguna egiten zaigun heinean kontu handiz aztertzen dugu dena. Apurka-apurka, kuriositateak bultzatuta, sare barruan harremantzen hasten gara ordea, sareko partaide sentitzen. Baina loturak unetik unera gehitzen doaz: gero eta jende gehiagorekin partekatzen dugu sarea eta orduan eta espazio gutxiagorekin gelditzen gara guretzako, eta partaide sentitu beharrean sarearen parte sentitzen gara. Arrainekin bezala, gure harremanak batzen dituen gauza bakarra sarea bihurtzen da, elkarrekin partekatzen dugun gauza bakarra. Eta hala, ohartu gabe, gure egunerokotasuna sarekideekin etengabean partekatzeko beharra nabaritzen dugu; harreman horiek elikatzeko modu bakarra iruditzen zaigu. Eta konturatu orduko sarera lotuta, josita gaude guztiok.
Une horretan gure espazio propio guztia galdu dugu jada, sarera lotuta gaude, sareak ito gaitu. Hainbeste partekatu dugu gure bizitza, bizitza-propio gabe geratu garela. Ginena izateari utzi diogu sarekide izatearren, hainbeste loturek geneukan askatasun apurra kendu digute. Ahaztu zaigu jada, lotzen zaituena ezin dela maite.

Comments